XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horietarik bat Paristarra da.

Voillaume du izena, ainitzek ezagutzen duten Aita Voillaumen arreba.

70 bat urte ditu.

Bestea berriz Betroina, Rennes eskualdekoa.

Hunek baditu 85 urte.

Gazte gazterik jin zen Burundirat, 1908-an, eta geroztik ez da behinere Frantziarat itzuli.

Zerbait bada holako bizia.

Afrikarat joaiteko untzia hartu zuelarik, duela 62 urte, zer ote zuen gogoan?

Hain segur ez zuen pentsatzen hoinbeste denbora hemen egonen zela.

Bainan bere biziaren emaiterat prest zela, ez da dudarik.

Denbora hetan, zer lanjerak ez ziren misionestentzat! Ez bakarrik Afrikako jendearen gatik.

Egia erran, gertatu zaiote misionest zonbaiti Afrikanoek hiltzea, eta behar-bada jatea ere!

Burundirat jin ziren lehenbiziko misionestetarik, hiru hil zituzten hemengo jendek.

Halere jendeak baino etsai lanjerosagorik bazuten misionestek: lehen lehenik bidean edo hunat heldu-ta biltzen zituzten eritasunak.

1879-ko ekeinaren 21ean, Marseillan untzia hartu zuten, gure eskualde hauetarat jiteko, misionest multxo batek: urte bat gabe, baziren zortzi apezetarik lau hilak eta hiru fraidetarik biga.

Horiek bezala, beste zonbat misionest ez da hil gazte gazterik, haste hartan!

Ez baitzen orduan orai bezenbat erremedio, xerto eta pikura.

Ez eta ere bideko orai bezalako errextasunik.

Ordu hetan, misionest joaitea egiazki biziaren irriskatzea zen.

Jainkoaren menturan partitu zen beraz gure serora Betroina, beste asko bezala.

Hemen ez du haro handirik egin, ez da ohoren ondotik ibili.